1971 urtean, Chris Burdenek bere hastapenetako Bicycle Piece performancea gauzatu zuen, non txirrinda baten gainean etengabe bueltaka egon bait zen galeria irekiera orduetan zehar, erakusketa gunearen barruko eta kanpoko espazioaren arteko lotura sinbolikoa lortuz. Esparru publiko eta pribatuaren arteko elkarketa honetan, arte garaikidea erakusketa-espazio tradizionalen mugetatik haratago eramateko ahalegina nabaritzen da.

Läntokik Pau Figueresen Kubo Beltza aurkezten du. Proiektu hau, arte galeria mugikor batean bilakatutako hiru gurpileko zama-txirrinda batekin esperimentatuko prozesuaren emaitza da eta bere xedea, arte garaikidearen mugikortasunaren bidez kubo zuriaren mugak zabaltzea da.

Lehenengo proiektu honetan Oier Gil, Urtzi Ibarguen, Niko Iturralde eta Francesco Roncaglia artisten lanak Hendaia, Irun eta Hondarribiatik igaro dira. Mugaz gaindiko artelan bilakatzeko helburu soilez, artista hauen proposamenek mugaldeko ingurunearen eta arte garaikidearen arteko harremanak ikertzeaz gain, artearen berezko mugak ere aztertu dituzte.